XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Vasiak, lagunaren bularrari estuki loturik, ez zuen ezer erantzun.

Zorabiatzera zihoala zirudien.

- Tira, lasai gaitezen, Vasia.

Bukatzerik izango ez bazenu ere, ez litzatzeke inongo txarkeria.

Bestalde, berriro diotsut ez zaitudala ulertzen.

Zergatik horrela martirizatu zeure burua? Badakizu ongi zuregatik edozer gauza egingo nukeela... A, Jainko maitea!... jarraitu zuen, gelatik pauso handika ibiliz eta eskura zuen guztia hartuz, horrela Vasiaren gaitz ezkutuarentzat sendagairik aurkitu asmo balu bezala.

Neu joango naiz bihar Yulian Mastakovitchen etxera, egun bat gehiagoz epea luza dezan erregutuko diot, dena esplikatuko diot... esango diot nola...

- Ez ezazu hori egin, Jainkoagatik! - esan zuen Vasiak, zigarro paper bat bezain zurbil.

Ezin zuen ia zutik ere egon.

-Vasia, Vasia!... Ametsetatik esnatu zela ematen zuen.

Ezpainak dardarka zituen, hitzegin nahi zuen, baina ezin zuen hitzik ere esan.

Haren esku izoztuak, lagunarenak estutzen zituzten ikara bizian.

Arkadii isilik eta triste zegoen.